2020(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

Biografia

Fernando Urkia, 1896-1959

Aita Fernando Urkia Nafarroako Arbizu herrian jaio zen 1896ko Apirilaren 16an. Garai hartan Laterandarrak Altsasun zuten Seminarioan bere aurreneko apaizgai urteak egin ondoren, Oñatira bildu zen eta Nobiziadua eta gainetiko ikasketak egin ondoren, apaiz berri ordenatu zen 1919ko Ekainaren 14an.

Piano ikasketak ere egin zituen, eta irakasleari dagokion diploma eskuratu. Oñatin bertan 17 urtez irakaskuntzari emana egon zen, bere autoritatea eta eragina musika arloan eragingarriak gertatu ziren gazteentzat: bera maisu izan zuen kanonigo taldeak eskerroneko oroitzapena gorde du bizitza osoan, bere maisutasuna goraipatuz. Izaera erlijiozko konposizioak utzi zizkigun: moteteak, ereserkiak, litaniak, etab., beraien xumetasun, berezkotasun, leuntasun eta gozotasuna bereizgarri direlarik.

Euskaltzale porrokatua, Aita Larrakoetxea, Juan Elortondo, Aita Madina eta beste batzuekin batera, “gau eskolak” ematen zituzten harik eta 1936an, beste asko bezala, Euskal Herria uztera behartua izan zen arte.

Argentinara joanda, Saltako Belgrano Ikastetxean, eskolak emateaz gain, aginte lanetan ere eman zuen bere denbora. Ez dago Salta hirikorik bere patroiaren omenez eta Fernandok egindako eta saritua izan zen “Señor del Milagro” ereserkia ez dakienik. Jaioterriak herriko seme kutun izendatu du eta kale bat eskaini dio.

1952an Laterandarren buru izendatua izan zen, eta ordu ezkero, bere lana Erroman egin zuen, harik eta heriotzak gure artetik eraman zuen arte, bere sasoirik onenean, 63 urte zituela.

Gizon trebea, harreman gozokoa, ondo jantzia, bai gai laikoetan, bai euskara alorrean, eta baita musika eta antzerkigintzan ere. Erlijio alorrean, zer esanik ez. Beraren gidaritzapean Ordenaren “Konstituzioak” eraberritu bait zituen. Aita Madinak Urkiari buruz esaten zuen: “Fernandoren lana ez da oparoa, ez du gauza askorik egin, baina egindakoa dena da ona“.

Musika alorrean hainbat lan utzi ditu idatzirik. Lan laburrak gehienak, euskal kutsu osokoak, arinak eta erraz abestekoak. Horrela, etxean abesten ziren Maiatzeko Letania ugari, moteteak, Himno al Señor del Milagro, Saltako Patroiari, bertan aurreneko saria irabazi zuena, eta abar.

Antzerkiak ere idazten zituen, eta argitaratu gabeko “Uribarriko Sorginaren” antzerkiak berak garbi adierazten du Aita Fernandok herrian herriko kultura eta tradizioekin zuen lotura. Oñatin oñatiar, Saltan, argentinar. Tokian tokiko oinarri eta muinekin bat egiten zuen, bere burua bertakoetara txertatuz eta herritarrekin bat egin arte.

Bere euskalgintzari begira, “Uribarriko Sorginaren” lantxoak, bere laburtasunean, garbi adierazten du zer nolako euskal sena zeukan Fernandok, bai gaia aztertzean, eta batez ere gai hori erabiltzean. Azpimarratzekoa da, nire ustez, zer nolako erraztasunez erabiltzen duen “noka”, euskal aditza hiketan emakumeen artean, gaur ia ahaztuta daukaguna, salbuespen batzuk eginda. Egia esan, ez da erraza aurkitzea euskal lanik modu horretan idatzita. Eta Fernandok dotore gainditu zuen erronka hori.

Oñatiko Agustindarren etxean entzuten zenez, Erromara eraman zutenean bertan goi mailako lanetan jarduteko, Aita Fernandoren barrua “ukituta”, minduta bezala gelditu zen, batez ere bere ohizko lanetara, euskalgintza lanetara itzuli ezin izan zuelako. Osasuna ere hantxe galdu zuen eta han bertan, Erroman, hil zen, aipatu bezala.

Bere lanak:

- ANTZERKIAK:
- “Illargi bete” Aita Madinaren musika. Iruñako “Euskararen adiskideak” lehiaketara, aurkeztu eta lehenengo saria irabazi zuten. 1928. urtea zen. 1929an argitaratua izan zen.
- “Aralar mendian” , 1934an “Antzerti” aldizkarian argitaratua.
- “Iñauteriren eriotza”, antzerkitxo barregarria, argitaratu gabea.
- “Uribarriko sorgiña”, argitaratu gabea.

- MUSIKA:
- Abesbatzerako musikalan labur batzuk. Berak egindako dozenerdi eliz-kanta ezagutzen dira. Ondo egindako piezak dira, eta kantatzeko errezak.
- Organorako 8 pieza (1955eko abuztuan Araotzen konposatuak). Organorako bilduma hau, Alejandro Elortzaren koadernoan aurkitutako eskuidatziak dira. Alejandro Elortza, agustindarra, organojolea, XX.mendean bizi izandako abadea da, Araoztarra, Oñatiko agustindarren komentuan apaiztu zena, Urkia, Madina, Mallea, Sagasta ta abarren kidea. Musikalan hauen tituluak:
1. Lamentation (Untzi bat)
2. Verrsets (Arantzazu aldean)
3. Chanson pour orgue (Urrundik)
4. Angelus (Ezkila-praile)
5. Versets
6. Offertoire (Gerixumako)
7. Adoration
8. Amen

             Aita Paulo Anduaga, Oñati 2020.